LAN EKINTZAK ETA UDAL ETXEBIZITZAK ENPRESAREN EUROPAKO SARIA LORTU DUTE OPORTON, ENPRESA JARDUERETARAKO LOKALAK SUSTATZEKO PROGRAMARI ESKER.
“European Entreprise Award” Enpresaren Europako Saria gaur gauean Oporton egingo den gala-afarian emango dute. Aurten 300 proiektu baino gehiago aurkeztu dira Europar Batasunetik, Bulgariatik, Islandiatik, Norvegiatik, Errumaniatik eta Turkiatik.
Lan Ekintzak eta Bilboko Udal Etxebizitzak batera aurkeztu dute “Bilbo Zaharrean, San Frantziskon eta Zabalan lokalak enpresa jardueretarako sustatzea” izeneko proiektua. Proiektu horren helburua da auzo horiek biziberritzen laguntzea enpresa-proiektu bideragarrien bidez. Sarien epaimahaiak programaren originaltasuna eta bertako ekonomian duen eragina baloratu ditu.
Bilbon, 2007ko abenduaren 6an.
Gaur arratsaldeko azken orduan jakitera eman dute Oporton “European Entreprise Award” Enpresaren Europako Sariaren epaia. Sari nagusia Lan Ekintzak eta Bilboko Udal Etxebizitzak-ek batera aurkeztu duten proiektuarentzat izan da, “Bilbo Zaharrean, San Frantziskon eta Zabalan lokalak enpresa jardueretarako sustatzea” izeneko proiektuarentzat, alegia. Saria gaur gauean emango dute Oporton egingo den gala-afarian.
“European Entreprise Award” saria Europar Batasunak ematen duen nazioarte-mailako sari sonatua da, helburu duena herri-administrazioen eta enpresen arteko lankidetza sustatzea eta Europako ekonomian enpresa-garapenaren garrantzia azpimarratzea. Sari honetara 300 proiektutik gora aurkeztu dira aurten, Europar Batasunetik, Bulgariatik, Islandiatik, Norvegiatik, Errumaniatik eta Turkiatik. Bilbokoa estatu mailan aukeratutako proiektu bakarra izan da eta azken txanpan beste hiru proiekturekin lehiatu da: lehenengoa, mugaz haraindiko enpresak sortzeko laguntza emateko proiektua, Luxenburgok aurkeztua; bigarrena, nekazaritza-inguruko umeak zaintzeko zerbitzuei buruzkoa, Herbehereetan garatua eta, azkena, industriaren eta ingurumenaren gainbeheraren aurkako borrokari buruzkoa, Britania Handikoa.
“Sari hau nazioarte-mailako laguntza handia da ekimen hau garatzen eta arrakastatsu egiten lagundu duten pertsona guztientzat, hau da, Lan Ekintzan eta Udal Etxebizitzetan diharduten guztientzat, baina baita bidea gurekin egin duten ekintzaileentzat ere, euren gaitasuna gure urian enpresak sortzeko eta aurrerapenean laguntzeko erabili dutelako” adierazi du Julia Madrazok, Bilboko Udaleko alkateorde eta Udal Etxebizitzak-eko presidenteak.
Lan Ekintzako presidente eta Enplegu, Gazteria eta Kirol Saileko zinegotzi ordezkari den Jon Sustatxak jaso du saria. Esker ona erakusteko hitz-jardunean adierazi du “proiektu honetan aritu diren pertsona guztiak prest daude euren esperientzia erakusteko, erabat sinisten dutelako ekimen hau beste edozein udalerri edo eskualdetan gauzatu daitekeela degradaturiko eremuak biziberritzeko”.
Bertako ekonomian duen eragina
Bilboko Udalaren programak Bilbo Zaharrean, San Frantziskon eta Zabalan lokalak enpresa jardueretarako erabiltzea sustatzen du, inguru hori biziberritzen laguntzeko helburuarekin. Izan ere, alde horretan “Alde degradatua biziberritzeko plan berezia” ari da gauzatzen, bertako erakundeen eta eskualdeetakoen laguntzarekin. Marko horretan, bada, epaimahaiak Lan Ekintzak eta Bilboko Udal Etxebizitzak batera egindako proiektuaren “originaltasuna eta bertako ekonomian duen eragina” baloratu ditu.
Udalaren lokalak sustatzeko programa 2002an hasi zen eta 2009an amaitzeko asmoa dago. Ingurua biziberritzeko helburuarekin bat datozen enpresa-proiektu bideragarriei zuzenduta dago. Proiektua abian jarri zenetik hogeita hamar bat lokal berreskuratu eta egokitu dira, guztiak ere hiru auzo horietako espazio degradatuetan. Guztira, hogei enpresa-proiektu sortu eta finkatu dira, gehienbat aisiarekin, artearekin, kulturarekin, modarekin eta teknologiarekin lotutako jarduerak. Horri esker, enpresa eta lanpostu kopuruak gora egiteaz gain, negozioen kalitatea eta irudia ere hobetu dira. Ildo horretan, lokalotan egiten diren egokitze-lanek Bilbo Zaharreko, San Frantziskoko eta Zabalako gainerako negozioetan ere (betiko negozioetan) berritze-lanak egiteko bidea zabaldu dute.
|