BILBOK BERRIRO BAT EGINGO DU KOTXE GABEKO EGUNAREKIN ETA MUGIKORTASUNAREN INGURUKO EUROPAKO ASTEAREKIN
“Bilbao, nire kotxe barik! - ¡Bilbao, sin mi coche!” irailaren 22an, larunbatean, ospatuko da
Aurten, Europan, aukeratutako leloa ondorengoa da: “Kalea guztiontzat”. Asmoa da adieraztea autoek okupatzen duten espazioa gehitzea ez dela egun garraioaren inguruan dauden arazoak konpontzeko irtenbidea. Alderantziz, ibilgailu pribatuentzat gordetako bideak murriztea irtenbide egokia eta jasangarria litzateke, eta, horrela, hiritar guztientzat bizimodu osasungarriagoa sortuko litzateke, banakoaren mugikortasuna murriztu gabe. Europan, hiritar gehienen nahia da ingurumena errespetatzen duten garraiobideak sustatzea. Hiritar asko berdeguneak eta oinezkoentzako guneak gehitzearen alde dago, auzotasuna eta tokiko komunitatearen zentzua berreraikitze eta airearen eta zarataren kutsadura konpontze aldera.
Bilbon, lelo hori astean zehar egingo diren jardueratan agertuko da. Alegia, oso ezberdinak diren taldeek parte hartu eta ekarpenak egin ahal izango dituzte; esate baterako, haurrek, adinekoek, pertsona ezinduek, txirrindulariek, patinatzaileek, familiek eta hiritarrek, oro har. Kaleak guztiontzat izango dira.
Aurreko zazpi urteetan, Bilbon lortutako emaitzak kontuan hartuta, Bizkaiko hiriburua Europako adierazlerik oneneko eta parte-hartze sozial handiko hirien artean kokatu zen; esate baterako, iaz antolatutako jaiak sekulako arrakasta izan zuen: 600 bizikletatik gora ibili ziren Hiriaren erdigunean, eta, egun normal batean baino 15.000 oinezko gehiago zenbatu ahal izan ziren; zarata 4 dezibelio murriztu zen batez beste (ohikoa baino %59 gutxiago); ibilgailuen sarrerak eta irteerak, berriz, batez beste %6 gutxitu ziren, eta ibilgailuek herri barruan egindako mugimendua %4 jaitsi zen. NO2 eta CO isurpenen gaineko kutsadura indizeak nabarmen jaitsi ziren.
Irailaren 22ko (larunbata) trafiko-aldaketak eta jarduerak
Aurten, trafikoa moztuko da Castaños auzoko Fontecha y Salazar kalean eta Errekalde zumarkaleko tartean, hots, Moyua plaza eta Rodríguez Arias tartean. Bietan aparkalekua murriztuko da aurreko egunean. Gainera, Moyua plazako zati batean trafiko pribatua murriztuko da.
Ibilgailu pribatuen zirkulazioaren murrizketa horiek goizeko 8:00etatik arratsaldeko 20:00etara bitartekoak izango dira, eta, ondorioz, leku jakin batzuetatik ezin izango da sartu kale horietara. Debeku horiek seinalatzeko, hesiak eta langileak egongo dira, alternatibak eskaintzeko hala behar duenari. Gainera, informazioa jarriko da eragindako guneetako atari eta garajeetan, bereziki Moyua plazan eta Castaños auzoan. Era berean, informazio zehatza bidaliko da komunikabideetara.
Hilaren 22an, larunbatean, Castaños auzoa izango da jardunaldiko jardueren gune nagusia, Bilboko auzoak ekitaldi honetan sartzeko ekimenari jarraituz. Aurreko urteetan gauza bera egin zen Alde Zaharra, Indautxu, Abando, Santutxu eta Iralarekin. Horrela, hilaren 22an, Fontecha y Salazar kaleen inguruan honako hauek egongo dira denok gozatzeko:
-Txistularien Udal Bandaren kalejirak eta hainbat musika-emanaldi.
-Magoak eta kale animazioa.
-Umeentzako jarduerak: puzgarriak, tailerrak, pintura, trebetasun zirkuituak, e.a.
-Kalearen eta terrazen apainketa.
-Bizikletak mailegatuko dira.
-Musikako Udal Bandaren emanaldia Funikularreko plazan.
-Eguerdiko 12:00etan Jardunaldiaren Manifestua irakurriko da.
Moyua plazaren inguruan:
-Bizikletak mailegatuko dira Diputazioaren Jauregiaren ondoan eta Moyua plazan.
-Paseorako trena. Moyua plazan geratuko da.
-Moyua plazan, Jardunaldi osoan zehar, “Jar zaitez gure lekuanr” jarduera egingo da, hiriko arkitektura-oztopoen bidez sortutako mugikortasun-arazoak praktikoki erakuste aldera.
-“Spinning kalean - Bilbao nire kotxe barik” delakoaren III. edizioa. 100 bizikleta estatiko egongo dira musikarekin batera ibiltzeko Jardunaldi osoan, Errekalde zumarkalean, Moyua plazaren ondoan.
Mugikortasunaren Europako Astea: irailaren 16tik 22ra
Aldez aurretik, eta igandean hasiko den Mugikortasunaren Europako Aste osoan zehar, hainbat jarduera egingo dira Bilbon, hirietako Mugikortasunarekin eta “Kaleak guztiontzat” edizio honetako leloarekin lotuta. Besteak beste, honako hauek izango dira:
Irailak 16, igandea
-IX. Bizikleta Paseo Herrikoia eta Patinatzaileen I. Kontzentrazioa. Irteera eta helmuga Areatzan egongo dira. Familia giroan egiteko moduko 7,5 kilometroko ibilbide erraza prestatuko da.
Irailak 17, astelehena
-“Bilbobus” erakusketa ibiltaria inauguratuko da. Barrutik eta kanpotik egokitutako Bilbobusa Bilboko auzo ezberdinetan ibiliko da astean zehar, Bilbon, autobusa bezalako garraio publikoa nolakoa den adierazteko (11:00etan, Bilboko Udaletxe aurrean).
Irailak 18, asteartea:
-“Bilbon zehar bidaiatzen”. Hirian zehar batetik bestera joateko moduak alderatuko dira, eta komunikabideei aurkeztuko zaizkie garraiobide ezberdinekin ibilbide ezberdinetan egindako proba ezberdinen datuak. Ondoren, kalean, erakusketa praktikoa egingo da horretarako diseinatutako ibilbidearekin. Erakusketa horretan horretarako jarritako pertsonak oinez, bizikletan, metroan, autobusean, taxian eta auto partikularrean ibiliko dira (11:00etan, Bilboko Udaletxe aurrean).
Irailak 19, asteazkena:
-“Hiria haurren begiekin”. Epaltzaren Alargunaren Ikastetxeko 11 eta 12 urteko 30 haurrekin egingo den jarduera da. Auzoan oinez ibiliko dira eta Bilbon zehar Bilbobusen, hiriko mugikortasuna ikusteko eta, ondoren, ikusitakoa eztabaidatzeko.
Irailak 20, osteguna:
-Bilbao Metropoli 30 Elkartearen lankidetzarekin antolatutako hitzaldia. Hizlaria: Jesús Hernández Galán, ONCE Fundazioko Irisgarritasun Unibertsalaren zuzendaria. Hitzaldiaren izenburua: “Hiri modernoak eta irisgarritasuna guztiontzat”. (12:00etan, Merkataritza Ganberako Negozio Zentroan).
-Mugikortasuna hirian eta adineko pertsonak. Hainbat elkarteko hirugarren adineko ordezkariek aztertuko dituzte Bilbon urteetan zehar mugikortasunaren inguruan egindako aldaketak, RAC Vasco Navarroko espezialistek gidatuta.
Irailak 21, ostirala:
-Bi ibilbide turistiko prestatuko dira Bilbon paseatzeko, lurrean erantsitako arrastoekin egindako zatietan. Bi ibilbideak Plaza Biribilatik aterako dira; plaza horretan ibilbideak azaltzeko kartelak jarriko dira (Zabalgunea eta Alde Zaharra), eta liburuxka batzuk banatuko dira ibilbide bakoitzeko 10 “mugarrirekin”. Ibiltariak mugarri horiek aurkituko ditu arrastoak jarraituz; gainera, lurrean markatuta egongo dira.
Egun horri buruzko informazio kanpaina ostiralean jarriko da abian, eta, komunikabideek parte hartzeaz gain, besteak beste, ondorengoak banatuko dira: 20.000 informazio-liburuxka; 3.000 kartel dendetan eta ostalaritzako lokaletan; kartelak Udalaren informazio-zutabeetan eta Hiriko faroletan; Bilboko auzoetan sustapenerako informazioa eta materiala banatuko da; eta sustapenerako material gehiago ere banatuko da (puxikak eta gozokiak). Erakunde antolatzaileez gain, Bizkaiko Garraio Partzuergoak, BBK-k eta Bilboko Portuak babesten dute ekimen hau, enpresa, garraio-operadore, erakunde, merkatarien elkarte eta beste organismoren lankidetzarekin.
Azken finean, asmoa da eredugarria izango den urteroko esperientzia garatzea eta hausnarketa egitea ibilgailu pribatua modu arrazionalean erabiltzearen inguruan. Halaber, erakutsi nahi da, ibilgailu pribatua modu inteligentean erabilita, Bilbo nolakoa izango litzatekeen; horrela, kaleak berreskuratuko lirateke inguru osasungarri eta atseginagoarekin batera. Azken helburua da oinezkoei on egitea eta garraio publikoen zein bitarteko alternatiboen erabilera sustatzea; era berean, kutsadura atmosferiko eta akustikoaren mailak eta energiaren kontsumo altua murriztea. Bilbon bizi direnak eta hirian lan egiten dutenak konbentzitu behar dira posible dela automobila albo batean utzi eta gainerako alternatibak sustatzea.
Erakunde antolatzaileak (Bilboko Udala, Bizkaiko Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza) ez dira soilik mugatzen beharrezkoak diren kontzientziazio jardunaldi hauek sustatzera. Autoak nagusi ez diren hiri baten aldeko apustua egiten dute: bizikletentzako bide gehiago, kaleak oinezkoentzat bihurtzea, espaloiak zabaltzea, garraio publikoa hobetzea,… Horiez gain, ordea, beharrezkoa da hiritar bakoitzaren ekarpena. |