BILBOKO UDALAREN HIRIGINTZA ETA INGURUMEN SAILAK UDAL EKOBAROMETROA EGITEKO LANAK HASI DITU
Bilbo, 2008ko otsailaren 20a. Bilboko Udalaren Hirigintza eta Ingurumen Sailak, Iraunkortasunerako Euskal Udalerrien Sarearekin (Udalsarea 21) lankidetzan, Udal Ekobarometroa izango dena egiteko lanak hasi ditu. Bizkaiko hiriburuan lehenengoz egingo den ikerketa horren bidez, Bilboko herritarrek ingurumenaren arloan dauzkaten iritziak zeintzuk diren jakingo dugu.
Datozen egunotan, gizartearen iritziaren azterketan aditua den enpresa batek Bilboko herritarrengana joko du eta inkesta bat egingo die. 380 pertsona elkarrizketatuko dira herritarrek ingurumenaren arloko gaiei buruz duten ikuspegia aztertzeko. Besteak beste, joan-etorriak nola egiten dituzten, birziklatzeko dituzten ohiturei edota klimaren aldaketaren arrazoiei eta ondorioei buruz zein ezaguera duten galdetuko zaie.
Bilboko Ekobarometro Soziala EAEko 2008ko Ekobarometro Sozialaren barruan sartzen da. Izan ere, hori Eusko Jaurlaritzaren Lurralde Antolamendu eta Ingurumen Sailak egiten duen ikerketa zabala da eta EAEko herritar guztiak hartzen ditu.
Julia Madrazo Alkateorde eta Hirigintza eta Ingurumen Saileko zinegotzi ordezkariak adieraz duenez, “elkarrizketetan jasotzen diren emaitzek herritarrek ingurumenaren arloko arazoez pentsatzen dutenaren irudia osatuko dute eta, gainera, uriko ingurumenaren egoeraren adierazleak ateratzeko eta Udalaren arlo honetako politikak bideratzeko balioko dute.
Emaitza horiek urtero jasoko dira Tokiko Agenda 21eko prozesuari buruzko Tokiko Iraunkortasunaren Txostenean.
Inkestak modu anonimoan egingo dira eta emandako datuak konfidentzialak izango dira. Inkesta-egileak identifikatuta egongo dira azterlan hau egiteko.
Bilboko Udalaren Hirigintza eta Ingurumen Sailak eskerrak eman nahi dizkie uriko herritar guztiei lan honetan parte hartzeagatik, haien laguntzarik gabe ezinezkoa izango litzatekeelako azterlana egitea.
|