AHOLKU BERDEA |
Jaitsi ezazuhemen |
BILBOKO UDALAREN INGURUMEN KONTSEILU SEKTORIALAREN ARAUDIA ATARIKO TITULUA
1. artikulua. Osaera
Udal Araudi Organikoaren 47. artikuluari jarraiki, eta kudeaketa deskontzentratuko organo gisa, Bilboko Udalean Ingurumen Kontseilu Sektoriala osatu da, Enplegu, Emakume eta Ingurumen Sailari organikoki eta funtzionalki atxikia. Batzordea osatzea 1995ko abenduaren 20ko Osoko Bilkuran adostu zen, hiritarrek parte hartzeko kontsulta-organo gisa; Batzordeak Udaletxean du egoitza.
2. artikulua. Helburua
Ingurumen Kontseilu Sektorialaren oinarrizko helburua da udalaren kudeaketan ingurumena babesteko irizpideak erabiltzen hastea. Kontseilua medio, hiritarrek ingurumenaren alorreko udal-eskumenen hobekuntzan parte har dezakete: informazioa jaso eta aholkuak eta proposamenak eskaini ditzakete.
3. artikulua. Funtzioak
Ingurumen Kontseilu Sektorialaren funtzioak hauek dira :
- Udalaren ingurumen-kudeaketaren emaitzei buruzko urteko txostena egitea eta alkateari bidaltzea.
- Ingurumen Sailatalen eta ingurumenean eskumenak dituzten sail eta atalen jarduera-programen eta jarduera-memorien txostenak egitea.
- Ingurumenaren alorreko urteko inbertsio-programaren eta jardueren txostenak egitea.
- Ingurumena zaintzearekin zerikusia duten araudi-proiektuen eta udal-plan eta -programen txostenak egitea.
- Kide berrien sarrerari buruzko txostenak egitea.
- Ingurumen Sailatalerako eta ingurumenean eskumenak dituzten Udalaren gainerako sail eta ataletarako ingurumen alorreko irizpenak ematea eta jarduera-proposamenak egitea, bai Kontseiluaren beraren ekimenez, bai udal-organoek eskatuta.
- Ingurumena hobeto babesteko jarduerak eta neurriak proposatzea eta beharrezko gestioak eta ekintzak burutzea.
- Hiritarrak ingurumenaren garrantziaz jabetzeko politika eta ingurumen-hezkuntza sustatzea, informazio- eta dibulgazio-kanpainak medio.
- Hiritarrek ingurumen-arazoak konpontzen parte har dezaten sustatzeko neurriak proposatzea.
- Ingurumen-jardueretan, Udalaren sail eta atalen arteko, ingurumenean eskumenak dituzten herri-administrazioen arteko eta, batik bat, erakunde publiko eta pribatuen arteko koordinazioa sustatzea, babestea eta bultzatzea.
- Indarrean dagoen ingurumenaren alorreko araudia betetzen dela zaintzea eta udalerriaren ingurumena kaltetzen duten ekintzen eta hutsegiteen gaineko kexak aurkeztea.
- Kontseiluaren barruan, Batzordeak edo Lan-taldeak egoki iritzitako funtzioetarako eskumen-uztea.
- Barne-araubideak onartzea eta aldatzea (lan-taldeak osatzeko modua, segimendua, ordutegia, bileren iraupena, kideak akreditatzea…); betiere, Araudi honi jarraiki.
- Udalak Osoko Bilkuran edo Alkatetzak edo Kontseiluko Lehendakaritzak agindutako funtzioak betetzea.
LEHEN TITULUA “Kontseiluko organoei buruzkoa”
4. artikulua. Osaera
1.Ingurumen Kontseilu Sektorialak organo hauek izango ditu:
- Kontseiluko Batzarra.
- Lehendakaritza.
- Idazkaritza.
- Lan Batzordeak.
5. artikulua. Kontseiluko Batzarra.
Batzarra Kontseiluaren organo gorena da; organo hori osatzen duten eskubide osoko kideek hitza eta botoa dituzte.
Batzarra hauek osatuko dute:
- Lehendakariak.
- Bilbon ingurumenaren alorrean lan egiten duten edo alor hori interesatzen zaien erakunde eta elkarte ekologikoetako ordezkari bana; aurretik Batzarrean sartzeko eskari formala egin behar zaio Kontseiluari.
- Udaleko alderdi politiko bakoitzeko ordezkari bana.
- Ingurumen-kontseiluak edo –atalak dituzten erakunde korporatibo, sindikal eta profesionaletako ordezkari bana; aurretik Batzarrean sartzeko eskari formala egin behar zaio Kontseiluari.
6. artikulua. Kontseiluko Batzarraren funtzioak
- Kontseiluko Batzarra osatzen duten kideek eskubide hauek dituzte:
- Bileretako eztabaidetan parte hartzea
- Ingurumenaren alorreko azterketak eta proposamenak egitea.
- Botoa ematea eta, hala badagokie, boto partikularra ematea, arrazoiak azalduta
- Galderak eta eskeak egitea
- Kideei dagozkien gainerako funtzioak betetzea
- Kontseiluko kideek ezin dut ordezkari izan (lehendakaria da Kontseiluaren ordezkari bakarra), salbu organoak berak ordezkaritza-funtzioa egokitu badie, adostutako araudi edo akordioren bat medio .
7. artikulua. Lehendakaritza
- Berenezko lehendakaria Udalbatzako alkatea izango da.
- Benetako lehendakaria Enplegu, Emakume eta Ingurumen Saileko ordezkaria izango da.
8. artikulua. Lehendakaritzaren funtzioak
Lehendakaritzaren funtzioak hauek dira:
- Kontseilua ordezkatzea.
- Ohiko eta ohiz kanpoko bilerak deitzea.
- Barrutietako kontseiluak eta udal-teknikariak gonbidatzea.
- Gai-zerrenda onartzea.
- Bileretan bileraburu izatea eta eztabaidak moderatzea.
- Bozketen emaitza lehentasun-botoa medio erabakitzea.
- Hiritarren partaidetza bermatzea.
- Kontseiluko akordioak egikaritzea eta, hala badagokie, hedatzea.
- Ingurumen Kontseilu Sektorearen eta hauen arteko etengabeko harremana koordinatzea:
Udalaren gobernu-eta kudeaketa-organoak, ingurumenean eskumenak dituzte erakunde ofizialak, barrutietako kontseiluak, Udalaren atalak eta zerbitzuak.
- Lehendakaritzari dagozkion gainerako funtzioak betetzea.
9. artikulua. Idazkaritza
- Berezko idazkaria Udalbatzako idazkari nagusia izango da.
- Benetako idazkaria Ingurumenaren Negoziatu Juridikoaren burua izango da.
- Idazkaria, quorumean, ez da Kontseiluko eskubide osoko kide izango, osaerari, gehiengoei eta bozketei dagokienez.
10. artikulua. Idazkaritzaren funtzioak
Idazkaritzaren funtzioak hauek dira:
- Bileretara bertaratzea .
- Gai-zerrenda egitea.
- Bileretako aktak idaztea.
- Deiak, gai-zerrendak eta Kontseiluak sortzen dituen dokumentuak bidaltzea.
- Kontseiluaren akordioak bideratzea.
- Jorratzen diren gaien lege-alderdien gaineko aholkuak ematea.
- Idazkaritzari dagozkion gainerako funtzioak betetzea.
11. artikulua. Lan Batzordeak
- Kontseiluko Batzarrari beharrezko iruditzen bazaio, lan-batzordeak osatuko dira ingurumenarekin zerikusia duten unean uneko gaiak lantzeko.
- Batzorde horien izena, osaera eta funtzionamendua Kontseiluko Batzarrak zehaztuko ditu.
- Lehendakariak udal-teknikarien edo kanpo-teknikarien laguntza eskatuko du, egoki eta beharrezko iruditzen bazaio.
- Lan-batzordeek Kontseiluko Batzarrari emango die landutako gaien berri.
12. artikulua. Ordezpena eta eskumen-uztea
Ingurumen Kontseilu Sektoriala osatzen duten organoetako kide titularrek, gaixotasunagatik edo justifikatutako beste arrazoiren batengatik, ordezkariak izenda ditzakete.
13. artikulua. Ingurumen Kontseilu Sektorialeko eskubide osoko kideen eskubideak eta betebeharrak
- Ingurumen Kontseilu Sektorialeko eskubide osoko kideek eskubide hauek dituzte :
- Udalaren gobernu-eta kudeaketa-organoek Kontseiluaren intereseko den eta ingurumenarekin zerikusia duen edozein gairen inguruan hartzen dituzten erabakien berri jasotzea.
- Proposamenak egitea; proposamen horiek aktan jasoko dira eta Kontseiluak aztertu egingo ditu.
- Kontseiluan osatzen diren talde edo lan-batzordeetan parte hartzea.
- Kontseiluko eskubide osoko kideen betebeharrak hauek dira :
- Bileretara bertaratzea.
- Kontseiluan ordezkari direnen helbide-aldaketen edo egoera juridikoaren aldaketen berri ematea.
BIGARREN TITULUA “Antolakuntzari eta funtzionamenduari buruzkoa”
14. artikulua. Ohiko bilerak
- Ingurumen Kontseilu Sektorialak bi hilero ohiko bilerak egingo ditu
- Ohiko bileren deialdia bilera-eguna baino hiru egun lehenago egin behar da
- Kontseiluko Idazkaritzak deialdia egin baino bi egun lehenago izan behar ditu eskuan jorratzeko gaien eskariak
- Kontseiluko lehendakariak, norberaren ekimenez edo Kontseiluko kideek hala eskatuta, gai-zerrendari presako gaiak gehi diezazkioke, bilera hasi aurretik
15. artikulua. Ohiz kanpoko bilerak
- Lehendakariak beharrezko irizten badio, eta Kontseiluko eskubide osoko kideen gehiengoak hala eskatzen badu, ohiz kanpoko bilerak egin daitezke
- Ohiz kanpoko bilerak deialdia egitea eskatu eta ondorengo bi egunetan deitu behar dira
- Bilera-deialdia bilera-eguna baino 48 ordu lehenago egingo da
16. artikulua. Bileretara bertaratzea
- Lehendakaritzak barrutietako Kontseiluak gonbidatuko ditu Ingurumen Kontseilu Sektorialaren bileretara, haiei dagozkien jarduera-eremuekin zerikusia duten gaiak jorratzen badira
- Kontseilura bertaratu daitezke, Lehendakaritzari eskaria egin ondoren, ingurumenaren arloan ospea duten pertsonak edo bileretako gaietan espezializatuta dauden teknikariak
17. artikulua. Bileretako araubidea
- Ingurumen Kontseilu Sektoriala osatutzat joko da, lehen deialdian, bilerara eskubide osoko kideen erdia eta bat gehiago bertaratzen direnean; eta bigarren deialdian, ordu erdi lehenago, edozein dela era kide-kopurua, baldin eta lehendakaria eta idazkaria bertaratu badira
- Akordioak onartutzat joko dira bilerara bertaratu diren Kontseiluko eskubide osoko kideen gehiengo soilak aldeko botoa ematen duenean. Dena den, Ingurumen Kontseilu Sektorialaren barne-funtzionamendurako arauak onartzeko eta aldatzeko eskubide osoko kideen gehiengo absolutuaren aldeko botoa beharko da
- Adostu daitezke, bakarrik, gai-zerrendako gaiak, salbu eskubide osoko kideen gehiengo absolutuak beste gairen bat jorratzea presakotzat jotzen badu
- Idazkariak bilera guztien aktak egingo ditu; akta horietan zehaztuko da nor bertaratu den, eztabaidan ze gai nabarmendu diren eta zein den adostutako akordioen edukia
- Batzarreko kideek hala eskatzen badute, aktan agertuko da haien kontrako botoa edo abstentzioa. Kideek, bilera amaitu eta 48 orduren buruan, boto partikularra eman dezakete, idatziz. Boto hori onartutako testuari gehituko zaio, aktako eranskin gisa; eranskinean agertuko dira aldeko botoa, abstentzio edo kontrako botoa justifikatzen duten arrazoiak
- Aktak hurrengo bileran onartuko dira. Idazkaritzak, dena den, adostutako akordio espezifikoen ziurtagiria igor dezake; akta gero onartzeko kalterik gabe
Akta onartu aurretik igorritako akordioen ziurtagirietan egoera horren berri emango da.
18. artikulua. Akordioen balioa
3. artikuluko b), c) eta e) puntuan agertzen diren txostenak egitea ezinbestekoa da.
19. artikulua. Informazioa emateko betebeharra
Udal-organoek, Kontseiluak eskatutako informazioa emateko 15 egun izango dituzte, txostena egiteko eskaria jasotako egunetik kontatzen hasita.
20. artikulua. Aurreikusi gabeko egoerak
Araudi honetan aurreikusi gabekoetarako, kontuan hartuko dira, batetik, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legea, azaroaren 26koa; bestetik, Tokiko Erakundeen Antolakuntza, Funtzionamendu eta Araubide Juridikoaren Araudia; eta, osagarri moduan, Udal Araudi Organikoa.
21. artikulua. Azken artikulua
Edozein modutan, ebazpen- eta eskubide-eskumena Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/85 Legearen 24. eta 69. artikuluetan zehaztutako udal ordezkaritza-organoek bakarrik izango dute.
Xedapen iragankor bakarra
Lehendakaritzak araudi honen edukia interpretatzeko eta hutsuneak betetzeko ahalmena dauka, indarrean dauden arauei eta, batez ere, Udal Araudi Organikoari jarraiki; Araudi hori behar den guztietan aplikatuko da.
Bilbon, mila bederatziehun eta laurogeita hemezortziko maiatzaren hamabian.
< Subir >
|