3. ILDO ESTRATEGIKOAREN DIAGNOSTIKOA: BILBO, KUTSADURA MURRIZTEA ETA INGURUMEN-KALITATEA HOBETZEA
Hiri-ingurumena garbia bada, udalerriko biztanleak osasuntsu egongo dira. Beraz, hiriko ekosisteman zenbat eta kutsadura gutxiago pilatu, bilbotarrek bizi-itxaropen eta -kalitate hobea izango dute.
Bilbon, antzina, fabrikek airea, ura eta lurra kutsatzen zituzten. Gaur egun, ordea, ingurumena hobetzeko eta kutsadura murrizteko ekimen ugari eraman ditugu aurrera eta kutsaduraren kontrako gure tresnarik eraginkorrena prebentzioa da.
Atmosfera garbia, kutsadura kontrolatuta

Bilbon airearen kalitatea kontrolatzeko sarea sortu zen 1976an; sare hori 1992an handitu egin zen (sei estazio gehiago jarri ziren) eta 1994an airearen kalitatea zaintzeko eta kontrolatzeko Euskal Herriko sarean sartu zen. Gauzak horrela, Bilbon hamaika estazio daude, airearen kalitatea zaintzeko eta kontrolatzeko Euskal Herriko sarean dauden estazioen %20.
Gaur egun, Bilboko atmosfera trafikoak kutsatzen du gehien ; industria, kutsadura aldetik, bigarren mailan dago, Kutsadura Prebenitzeko eta Kontrolatzeko Legeak (IPPC) eragiten dien bi industri instalazio bakarrik baitaude.
1996tik atmosferako kutsadura behera egiten ari da: sufre-dioxidoaren, partikula esekien, karbono monoxidoaren, berunaren eta hidrokarburoen mailak legeak ezarritakoak baino askoz baxuagoak dira. Zehazki, 2004an, airearen kalitatea ona izan zen 121 egunetan, onargarria 205 egunetan, txarra 39 egunetan eta oso txarra egun batean.
Kutsaduraren kontrolari dagokionez, udalerriko isuri-jarduera eta -iturri nagusien kontrola da nabarmena. Alde horretatik, Kutsadura Prebenitzeko eta Kontrolatzeko Legeak (IPPC) eragina duen industrietan kontrol zorrotza egiten da, Euskal Herriko Isuri eta Iturri Kutsagarrien Erregistroa medio; halaber, bero-instalazioak eta iturri mugikorrak kontrolatzen dira, horien artean udal-ibilgailuak eta garraio publikokoak.
Zarata
Trafikoak, kutsadura atmosferikoa eragiteaz gain, kutsadura akustikoa ere eragiten du; eta kutsadura akustikoa eragiten dute, baita ere, eraikuntza-, ostalaritza- eta merkataritza-jarduerek.
Bilboko azken zarata-maparen arabera, biztanleen %28ak 55-65 dB(A)-ko zarata jasaten du eta %20ak 65 dB(A) baino gehiagoko zarata. Gauzak horrela, udalerriko zarata murrizteko hainbat jarduera jarri ditugu abian: garraio publikoa hobetzea; industria- eta ostalaritza-establezimenduak eta zenbait iturri mugikor kontrolatzea eta zaintzea; eta, azkenik, hiriaren planifikazioan eta diseinuan hotsaren aldagaia sartzea.
Andeatutako edota kutsatutako lurrak berreskuratzea
Esan bezala, antzina, industria-sektorea zen hiriko kutsadura-iturri nagusia. Ondorioz, Bilbon zenbait jardueren eraginez kutsatu eta andeatutako eremuak daude; eremu horiek Lurra Kutsatu Dezaketen Jardueren Kokapenen Zerrendan bilduta daude. Zerrenda hori abiapuntutzat hartu da lurrak, zabortegiak eta meatze-ustiategi zaharrak berreskuratzeko politika garatzeko.
Kokaleku horiek berreskuratzeko tresna nagusiak hauek dira: legez kanpoko zabortegiak deuseztatzeko programa, Peñascal harrobirako plan berezia, Primitiva harrobia berreskuratzeko programa eta Bilboko udalerriko lur kutsatuak berreskuratzeko programa.
Hondakinen kudeaketa integralean aurrera eginez
Ez dugu ahaztu behar gizakion jarrerak eragin zuzena dutela ingurumen-inpaktuan. Gaur egungo bizimoduaren ondorioz, urterik urte kontsumoak gora egiten du eta, oro har, ez dakigu kontsumitzen ditugun produktuek ingurumenean ze eragin duten. Hala, tokian-tokian, etxebizitzek ere kutsatzen dute ingurumena, batik bat hondakinak sortzen ditugulako.
Bilboko hondakin-sorrera neurritsua/altua da: 2004an biztanle bakoitzak 1,2 kilo hondakin sortu zituen egunean; kopuru hori, gainera, gora egiten ari da .
Bilbotarrek gero eta hondakin gehiago sortzen duten arren, hondakin horien gaikako bilketa gora egiten ari da; 2004an, guztira, 32.922 hiri-hondakin tona bildu ziren .
Etxebizitzetako hondakinen kudeaketa, birziklatzea eta berreskuratzea hobetzea gain, hondakin arriskutsu eta industrialak egoki kudeatu dira. Alde horretatik, hondakin toxiko eta arriskutsuak kontrolatzeko eta ikuskatzeko plana jarri da abian. Hala, 2004an, 72.354 kilo hondakin eman zitzaizkion kudeatzaile baimenduari eta 2001 eta 2002 bitartean industria-hondakinen sorrera %65 jaitsi zen .
| 1. koadroa - Hiri-hondakin solidoen sorreraren bilakaera Bilbon, 2000-2004 |
Urtea |
Sortutako hondakinak (Tm/urte) |
Sortutako hondakinak (Kg/bizt./urte) |
Sortutako hondakinak (Kg/bizt./egun) |
2000 |
144.008 |
406,5 |
1,11 |
2001 |
142.701 |
407,7 |
1,12 |
2002 |
142.944 |
403,2 |
1,10 |
2003 |
141.165 |
399,3 |
1,09 |
2004 |
154.453 |
436,4 |
1,20 |
|
| Iturria: Bilboko Udala. Obra eta Zerbitzuen Saila |
Udalerrian sortzen diren hondakinak Artigasko zabortegiko biltegi kontrolatura eramaten dira, errefus-zatia deritzona deuseztatzeko sistema gisa. Hondakinek ingurunean duten inpaktua gutxitze aldera, zabortegian instalazio modernoak dituzte, besteak beste: biogasaren energia aprobetxatzeko fabrika, ontziak berreskuratzeko sistema eta lixibiatuen araztegia.
Labur esateko, Bilboko ingurumenaren kutsadura faktore ugarik baldintzatzen dute eta kutsadura hori gutxitzeko gizarteko kide guztiok parte hartu behar dugu (enpresek, hiritarrek, erakundeek.) eta gure eguneroko ohiturak aldatu behar ditugu.
<Igo>
|