Zer da Agenda 21
Bilbao eta Agenda 21
Ekintza-plana 2005-2008
adierazleak
Eskolako Agenda 21
Jarduerak
Participa
Bilbon Bizi
Intereseko estekak
Dokumentazioa
Harremanak
Web mapa Harremanak Home Hizkuntzak
AGENDA 21 > EKINTZA-PLANA 2005-2008 > 5 ILDO ESTRATEGIKOA

5. ILDO ESTRATEGIKOAREN DIAGNOSTIKOA: BILBO, EKONOMIA OREKATU ETA IRAUNKORRA ETA GIZARTE-EHUN EKINTZAILEA SUSTATZEA JAKINTZAREN GIZARTEAREN ESPARRUAN

Ekonomia-hazkunde eutsiak gizarte-desorekak eta ingurumen-inpaktuak eragiten ditu. Horren aurrean, Bilboko Tokiko Agenda 21en asmoa da tokiko ekonomian iraunkortasun-irizpideak aplikatzea. Halaber, xedea da gizartearen bizi-kalitatea eta aberastasun-maila hobetzea, gizarte aldetik bidezkoa eta ekologia aldetik bideragarria den garapen-eredu bat ezarrita.

• Ekonomia anitza eta orekatua

Etorkizuna planifikatzeko, kontuan hartu behar dugu ekonomia-oparotasuna, enpleguaren igoera, bizi-kalitatea eta kalitatezko hiri-ingurumena multzo bereko elementuak direla eta sistema integratu gisa tratatu behar direla. Izan ere, Bilboko ekonomia zenbat eta egonkorragoa, sendoagoa eta dibertsifikatuagoa izan, orduan eta indartsuagoa izango da etorkizuneko erronkei aurre egiteko.

Bilbo Hirian gai horiek ez dira berriak: laurogeigarren hamarkadan, Europako industria-krisi bete-betean, Bilbo hiri berri bilakatzeko, jarduera berriak erakartzeko eta, batik bat, biztanleen urguilu bilakatzeko beharra eta erronka planteatu ziren. Hala, industria-hiri izatetik erreferentzia-hiri, hiri moderno izatera pasa da. Bilboko ekonomia-ehuna aktiboa da eta siderurgia-fabrika handietan oinarrituta bokazio eta tradizio industrialaren ordez industria-ondoko eredua ari da ezartzen; eredu horren helburua da ekonomia misto, aurreratu eta iraunkorra garatzea. Ekonomia horretan hirugarren sektorea, zerbitzuak, kultura eta aisia gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari dira.

Tokiko ekonomian sektore ekonomikoek duten ekarpena enpleguaren sektore-banaketaren irudi fidela da. 2001ean, zerbitzu-sektorean zegoen enpleguaren %74,7, industrian %16,5 eta nekazaritzan %0,3 besterik ez. Bestalde, 2004an, udalerriko langabezia-tasa 1996koaren erdia zen, %8,84koa, hain zuzen; aurreko bost urteetan, gainera, enplegu-tasa %10,2 igo zen.

Hala, Bilbo enpresei eta pertsonei zerbitzuak eskaintzen dizkien hiri gisa sendotu da: jarduera berrien %35,2 bankari, aseguruei eta enpresentzako zerbitzuei lotua dago, %20 merkataritzari eta %17 eraikuntzari.

Udalerriko enpresei gero eta gehiago interesatzen zaie haien prozesuetan iraunkortasun- eta kalitate-irizpideak aplikatzea. 2004an, udalerriko 126 enpresek ingurumen-ziurtagiriren bat zuten (ISO 14001, EMAS edo EKOSCAN).

1. koadroa - Ingurumen-kudeaketaren gaineko ziurtagiriak Bilbon (05/07/14)
   
Ekoskan
ISO 14001
EMAS
Ziurtagiria
Diploma
Enpresak
120
1
5
42
Erakundeak
7
0
-
-
GKEak
0
0
-
-
Iturria: IHOBE S.A.

Bestalde, udalerriko zazpi erakunde publikok dute ISO14001 ziurtagiria:

  • Ekonomi Berrikuntza eta Sustapen Saila. Bizkaiko Foru Aldundia .
  • Ingurumen Saila. Bizkaiko Foru Aldundia .
  • Bizkaiko Ingurumen eta Lurralde Antolamenduko lurralde-bulegoa (Ura). Ingurumeneko Sailburuordetza. Eusko Jaurlaritza .
  • IHOBE SAren bulego nagusiak (Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoa).
  • Bizkaiko Eraikuntzako Institutu Teknikoa .
  • Bigarren Hezkuntzako Emilio Campuzano ikastetxea .

• Merkataritza dinamikoa eta hiri-bizitza sortzailea

Zerbitzu-sektoreak garrantzia dauka Bilboko ekonomian, baita merkataritzak ere; merkataritza ez da udalerriko turismo-erakargarri hutsa, eguneroko bizitzaren eta auzoetako dinamizazio-ahalmenaren funtsezko elementua da. Sektorean 6.000 establezimendu eta 20.000 langile daude, eta urteko salmenta-bolumena 1.750 milioi eurokoa da.

Bilboko merkataritza indartsua eta egonkorra izan da beti: gaur egungo establezimenduen %71 sei urte baino gehiagokoa da, %20 lau eta sei urte bitartekoa eta %9 hiru urte baino gutxiagokoa. Gainera, denda txiki independenteak dira nagusi; izan ere, establezimenduen %72an hiru langile baino gutxiago daude eta %76 establezimendu independenteak dira.

Beste hiri batzuen aldean, Bilbon elkartegintzak garrantzi handia dauka, dendarien %40 sektoreko elkarteren baten kide baita.

Udalerriko bizitzan merkataritza-sektoreak duen garrantzia aintzat hartuta, Bilboko Udalak, Osasun eta Kontsumo Saila medio, udal-azokak eta bide publikoetako salmenta behar bezala kudeatzen eta kontrolatzen ditu.

• Gizarte-ehun ekintzailea, jakintzaren gizartean aurrera egiteko oinarria

Tokiko Agenda 21en funtsa tokiko iraunkortasunerako bidean aurrera egitea da. Asmoa da gizarte-justizia eta ekonomia, ingurune eta kapital iraunkorra integratzea, orekak bizi-kalitatea hobetu dezan .

" Gizarte kultur anitzak, jasanberak eta biziak behar ditugu, jendeak modu aktiboan jarduteko eta parte hartzeko aukera izan behar du, baita nortasun- eta pertenentzia-sentimenduaren beharra asetzeko ere ".

Erromako Kluba. Ez dezagun jakintza mugatu, bai ordea pobrezia: jakintza iraunkorrean oinarritutako gizarterantz

Erromako Klubak Garapen Iraunkorraren 2002ko Munduko Gailurrean egindako ekarpena

Horregatik, Agenda 21 aurrera eramateko, ingurumenari bakarrik begiratzeari utzi eta gizartearekin eta ekonomiarekin zerikusia duten alderdiak integratu behar ditugu, modu orekatuan. Era horretan, tokiko administrazioak iraunkortasun-mekanismoak ezartzen dituenean, biztanleen integrazioa eta berdintasuna, udalerriko erabakietan hiritarrek parte hartzea, ekonomiaren dibertsifikazioa eta abar erraztuko dira.

Ez da ahaztu behar edozein erabaki edo neurri zehazterakoan ezarri eta garatuko den gizarte-esparrua aintzat hartu behar dela. Gaur egun, jakintzaren gizarte deritzon horretarako trantsizioan gaude. Etapa honetan, Erromako Klubak dion moduan: " guztiok beharko ditugu izan eskura jakintza eta teknologia. Guztiok inbertitu beharko dugu gehiago irakaskuntzan eta formazioan, jakintza berrien sorreran eta asimilazioan. Datozen hogei edo hogeita hamar urteetan loturez jositako jakintzaren gizartea helduko da eta hori paradigma-aldaketa garrantzitsua da, XIX. eta XX. mendeko industria-ereduarekin alderatzen badugu. [...] Jakintza-azpiegitura egoki batek tokiko enpresa-ekimenak eta aberastasun-sorrera sustatu ditzake; enpresa eta aberastasun horiek gabe gainerako zerbitzuak eskuraezinak eta sostengaezinak izango lirateke."

Beraz, erronka nagusia da jakintzan oinarritutako ekonomiaren bidean aurrera egitea. Ekonomiak iraunkorra izan behar du, aukera eman behar du enplegu egonkorra izateko, etxebizitza egokiaz gozatzeko, formazioa eta kultura eskura izateko, osasuna eta elikadura egokia bermatzeko osasun-zerbitzuak eskura izateko eta norberaren aisiaz gozatzeko; izan ere, elementu horiek ezinbestekoak dira pertsonak erabat garatzeko eta enpresak eraginkor izateko. Horretarako, enpresa pribatuek eta erakunde publikoek, ondasunak ekoizten eta zerbitzuak ematen dituztenean, xede horiek hartu behar dituzte oinarri; alde horretatik, gizarteak behar duena soilik ekoiztu behar dute eta erabilitako baliabidek kontu handiz administratu behar dituzte.

Bilbo eta haren ingurua jakintzaren gizarterako bidean dira; horregatik, ekoizpen-faktoreen osaera aldatu beharra dago: ekoizpen-faktore nagusia jakintza izango da, kapitalaren eta eskulanaren gainetik. Gainera, jakintzaren gizartean, teknologia erabiliz natur baliabideen kontsumoa eta ingurumen-inpaktuak gutxitu egiten dira.

Gauzak horrela, hauek dira jakintzaren gizartearen ezaugarriak:

  • Garapena aldatu eta bilakatu egiten da etengabe.
  • Jakintza da jarduera ekonomikoaren baliabide nagusia .
  • Lehiatzeko ahalmenari eusteko oinarrizkoa da giza baliabideetan, teknologian, B+Gn eta publizitatean inbertitzea .
  • Teknologian intentsiboa da .

Ekonomia berrian aktiboak neurtzeko moduak behar dira, aktibo ukiezinak baitira, ukigarriak baino gehiago, irabazien euskarri. Izan ere, gero eta zorrotzagoa den nazioarteko merkatuan lehiatzeko abantaila nagusiak pertsonak eta haien balioak dira. Beraz, garrantzia, azpiegiturei eman ordez, ukiezinei eman behar zaie. Ildo horretan, jarduera-eremu hirukoitza garatzeko estrategiak ezinbestekoak dira; eremu horren hiru alderdiak hauek dira: jakintza bilatzea, berrikuntza sortzea eta konpromisoa hartzea.

Jakintzari dagokionez, Bilboko biztanleen ikasketa-maila altua da (formazio-indizea 10etik 5,3koa da) eta genero-banaketa nahiko orekatua da. Hezkuntza-mailan, lehen hezkuntzako ikasketak dira nagusi eta, ondoren, unibertsitate-ikasketak. Gainera, 25 eta 44 urte arteko biztanleen %38ak unibertsitate-ikasketak ditu (gehienak emakumezkoak dira); gazteenei, hau da, 16 eta 24 urte bitartekoei dagokienez, %37ak bigarren hezkuntzako ikasketak ditu eta %33ak unibertsitate-ikasketak.

Calle del Casco Viejo
Bestalde, gizartea nazioartekotzen ari den honetan, hizkuntza bat baino gehiago menderatzea giza baliabideen aktibo nagusietako bat bihurtu da edozein udalerritan. Atzerriko hizkuntzak, gaur egun, lan-tresna garrantzitsu eta kanpoko teknologia berriak ezartzeko ezinbesteko tresna dira. Azken urteotan, gero eta bilbotar gehiagok menderatzen dituzte atzerrik hizkuntzak eta gero eta gazte gehiagok egiten dituzte unibertsitateko ikasketak beste hizkuntza batzuetan, unibertsitatean sartu aurretik jasotako jakintzei esker .

Berrikuntza sortzeari dagokionez, ukaezina da informazio- eta komunikazio-teknologia berriak erabiltzea ezinbestekoa dela tokiko ekonomia-sarearen lehiatzeko ahalmena hobetzeko. Bilboko udalerrian oso lotuta daude enpresen tamaina, informatizazio-maila eta teknologia berrien erabilera. Alde horretatik, bederatzi langile baino gehiago establezimenduetan eta zerbitzu-sektoreko enpresetan informatizazio-maila handiagoa da. Bilboko enpresa txiki eta ertainen %46ak eta establezimenduen %26ak web orri propioa dauka; eta denden %71k, enpresa txiki eta ertainen %94ak eta bost langile baino gehiagoko establezimenduek ordenagailua. Zenbateko horiek Bizkaiko eta EAEko batezbestekoak baino handiagoak dira; dena den, informatika-tresnen aprobetxamendua ez da gai horretan aurreratuta dauden herrialdeetakoa bezain altua .


Boca de metro de Bilbao

Bestalde, autoenplegua lan-munduratzeko eta garapen profesionalerako aukera gero eta baliagarriagotzat jotzen da, baita enplegua eta aberastasuna sortzeko mekanismotzat ere; are gehiago Bilbon, eraldatzen ari delako eta autoenpleguak aukera berriak ematen dituelako eta sortzen diren beharrak estaltzeko enpresa berriak sortzea errazten duelako .

Alde horretatik, eta puntu.com enpresen booma gainditu ondoren, ekintzaileek ideiak dibertsifikatu egin dituzte, sektore hauetako eskariei erantzute aldera: enpresentzako zerbitzuak, turismoa, aisia eta formazioa, ingurumena, adindunentzako zerbitzuak eta gizarte- eta kultura-animazioa. 1996tik hona 535 enpresa sortu dira (1.271 langile) Bilboko Udalaren babesarekin, Lan Ekintza medio; sorrera-erritmoak, gainera, gora egin du urtez urte eta 2004an 81 enpresa sortu ziren. Enpresa-ehun berriko langileen profila hau da: 25 urtetik gorakoak dira, LHko ikasketak eta erdi edo goi mailako ikasketak dituzte eta gehienak gizonezkoak dira (%58).

Azkenik, jakintzaren alorrean funtsezkoa da ikerkuntzan eta berrikuntzan inbertitzea, epe luzean hazkuntzari eusteko. Beste hitz batzutan esateko, jakintza da baliabide nagusia eta, gainera, jakintza-sortzailea. Hala, Bilboko establezimenduen %30ean prozesuak aldatu dituzte; aldaketak, gehienbat, teknologikoak izan dira. Aldaketak egin dituzte, batik bat, enpresa handietan eta zerbitzuei eta industriari lotutako jardueretan. B+Gri dagokionez, inplikatuta daude, gehienbat, erakunde publikoak, ertainak eta handiak, eta garraio- eta komunikazio-sektorea.

Bilboko Lan Ekintzan, 2004an, 214 enpresek parte hartu dute enpresen kudeaketari buruzko formazio-ekintzetan; horietatik 57k diagnostikoak egin dituzte eta 42k baita enpresa-kudeaketa hobetzeko planak. Gainera, 23 proiektu-ideia, 41 negozio-plan eta garapen eta berrikuntzako 36 proiektuen abiaratzea babestu da; guztira, 151.161 euroko dirulaguntza eskaini da.

<Igo>

 
Bizkaiko Foru Aldundiaren logoa
IHOBEren logoa
Bilboko Udalaren logoa
Udalsarearen logoa
AGENDA 21 - Bilboko Udala 2005