|
|
|
|
 |
Bilboko Agenda 21 delakoaren xedea tokiko iraunkortasuneranzko trantsizioa burutzea da. Agenda 21 garapen iraunkorrean oinarritutako tresna bat da; tresna hori medio gizarte-justizia, ekonomia iraunkorra, hiri-ingurunea eta kapital natural iraunkorra integratu nahi ditugu, bizi-kalitatea hobetze aldera.
|
|
|
|
|
Tokiko Agenda 21 1992ean Nazio Batuek Ingurumenari eta Garapen Iraunkorrari buruz Rio de Janeiron egindako Biltzarrean (Lurraren Gailurra delakoan) jaio zen.
Tokiko Agenda 21 XXI. mendeko garapen iraunkorrerako Programa Globaletik (Programa 21) eratorria da. Aipatu Lurraren Gailurraren esparruan dagoen Programa Global horrek tokiko agintariek garapen iraunkorrean duten garrantzia aitortzen du: [...] Tokiko agintariek azpiegitura ekonomiko, sozial eta ekologikoa sortu, abian jarri eta mantendu egiten dute. Biztanleengandik gertuen dauden agintari gisa, herritarrak garapen iraunkorraren alde hezteko eta mugitzeko zeregin oso garrantzitsua dute. ( Programa 21, 28. kapitulua).
Tokiko Agenda 21en konpromisoa da udalerriko ingurumena etengabe hobetzea. Printzipio hori Tokiko Ekintza Planean islatzen da, Plan horretan zehazten baitira udal-politikarako helburu eta estrategia bateratuak.
Proiektuaren printzipioak hauek dira:
- Iraunkortasuna integratzea udal-kudeaketaren eremu guztietan, proiektu global eta zeharkako sendo bat ezarriz.
- Jarraitasuna, etorkizunerako proiektua baita, epe luzerakoa.
Agente sozial, ekonomiko eta instituzional guztiek parte hartzea eta lankidetzan aritzea. Bilboko Agenda 21, beraz, “udalerriak udalerrirako” egindako proiektua da. Agendak udal-politikak ingurumena errespetatzea sustatzen du eta udalerriari balio estrategiko handia duen tresna eskaintzen dio, etorkizuneko erronkei aurre egiteko eta hiritar guztien bizi-kalitatea hobetzeko.
Zer da garapen iraunkorra?
Garapen iraunkorra Brundtland Txostenean definitu zuten lehen aldiz, 1987an; definizio horren arabera, garapen iraunkorra hau da: “komunitateko kide guztiei oinarrizko ingurumen-, gizarte- eta ekonomia-zerbitzuak eskaintzen dizkion garapen-eredua, arriskuan jarri gabe zerbitzu horien eskaintza baldintzatzen duten sistema natural, eraikitako eta sozialen bideragarritasuna” .
Definizio horren zehazpena une gogoangarria izan zen iraunkortasunaren, garapen sozial eta ekonomikoaren eta giza jarduerek planetan duten eraginaren gaineko eztabaidan. Mendetan, gizakia eta haren ingurua orekan egon dira; azken hamarkadatan, ordea, teknologia hobetu egin dela-eta, hazkuntza-erritmoa bizkortu egin da. Hala, jardueren eta kontsumoaren kontrol gabeko hazkuntzan oinarritutako garapen-eredua nagusitu da.
Baina, mugarik gabeko garapen- eta hazkuntza-eredu horrek gure planetak giza jarduerek eragindako aldaketetara egokitzeko duen ahalmen mugatuarekin egin du topo. Gauzak horrela, disfuntzioak agertu dira eta disfuntzio horiek eragin globala dute.
Alde horretatik, biodibertsitatea murrizten ari da, etengabe eta bizkor baino bizkorrago, baso-soiltzea zabaltzen ari da, urak kutsatzen ari dira, airearen kalitatea gutxitu egin da, ozono-geruza deuseztatzen ari da, natur baliabideak gehiegi erabiltzen dira, natur guneak desagertzen ari dira, zenbait zona gainpopulatzen ari dira, pobrezia eta gizarte-desberdintasunak gehitu egin dira…
Egoera horren aurrean, garapen iraunkorrak baliabideen erabilera eraginkorra, ingurumenarekiko oreka eta gizarte ordena bidezko eta zuzena sustatzen ditu. Planteamendu horrek bi oinarri ditu: ikuspegi iraunkor eta epe luzerakoa, batetik; eta gizarte, ekonomia eta ingurumen alderdiak aintzat hartzen dituen ikuspegi integrala, bestetik.
Iraunkortasunak eskatzen du, beraz, gaur egungo bizimodua eta kontsumo-ereduak aldatzea, eta kontzientzia, sentiberatasuna eta ardura gure gain hartzea eta jarrerak aldatzea, arlo guztietan: teknikoan, politikoan, sozialean eta pertsonalean.
|